2015/09/16

GURASO BILERAK

   Hemen duzue hurrengo astean ospatuko ditugun kurtsoko bileren deialdia.

   Batzar guztiak informatika gelan izango dira; lehenengo solairuan, pasabidearen bukaeran.

   Orduan heltzea eta seme-alabarik ez ekartzea eskertuko genizueke.


2015/09/08

IKASTURTE BARRIA HASTERA GOAZ

Uda handik hona ibili zaretela suposatzen dut, hondartzan, igerilekuan, parrandan, aitite-amonen etxean,... Baina iada pilak kargeta bueltatzeko ordua heldu zaigu.

Amatxo eta aitatxoren laguntzaz arropa barriak, zein iazkoak, armairutik atera behar ditugu, zapatak garbitu, motxilak prestatu ("ai ene!!! Uda osoan zabaldu barik egon da eta zer aurkituko dugu barruan???!!!"). Ze ondo, eskolako laguntxuak ikusiko ditugu ostabere!!!



Gu be antzeko-parezido gabiltza, azken momentuko erretokeak ematen, puzzleak errepasatzen, panpinei aurpegiak garbitzen, liburuei izenak idazten, kakoetan argazkiak pegatzen, e.a. Biharko dana prest egon behar da eta!!!

Badakizue, goizeti joan lotara, atseden hartu, ederki gosaldu (frutarik ezin da falta gosari on batean!) eta asko ikasteko prest etorri bihar gelara. Goizeko 8:50tan ateetan egongo gara zuen zain.
   

2015/08/04

JOLASTOKI BEREZIAK


   Normalkuntza planarekin jarraituz aurten jolastoki bereziak antolatu ditugu.

   Alde batetik asteazkenero euskal musika jarri izan dugu patio orduetan: Pirritx eta Porrotx, Korrika abestiak, Ken Zazpi, Gatibu, Urtz, Imanol Urbieta, euskal dantzak, Benito Lertxundi, e.a. Ikusten duzuenez mota guztietako musikaz gozatu ahal izan dute, hori bai, baldintza bakarra euskaraz kantatzea edota euskal musika-tresna tradizionalak erabiltzea izan da.

   Beste alde batetik, klasean lantzen ditugun jolasen artean, hilabetero bat hautatu eta patio orduan beste ikasleei erakutsi diegu. Haur jolas hauek abestiak edota errezitatuak lagundurik doaz eta, berauekin hizkuntza lantzeaz gain, gure kultura ondarean sakontzen dugu, dena giro alai eta jostagarri batean.

Dana ezin izan dugu dokumentatu, baina hona hemen zenbait ARGAZKI ETA BIDEO (azken hauek editatzen trebatzen hasi gara, espero dugu zuen gustukoak izatea):








           Mungiako Udalak ere euskararen erabilera bultzatu eta kultur ondarea zabaldu nahian bere Mungian Zaharrak Barri proiektua aurrera eraman du, begiradatxo bat botatzera eta zuen seme-alabekin partekatzera animatzen zaituztegu.

        Goxatu eguneroko bizitzaz jolasean!!!

        2015/07/28

        EUSKERAREN ASTEA

         Abenduaren lehenengo astean Euskararen Astea ospatu genuen Bentades Ikastetxean. Horretarako hainbeste ekintza aurrera eraman genituen:

        • Marrazki lehiaketa. Gure marrazkiekin mural eder bat egin genuen.
        • Leloen grabaketa.

         Eta asteko egunik garrantzitsuena abenduaren 3a izan zen,  euskararen nazioarteko eguna:
        • Haur Hezkuntzako ikasleek "Kili-kili bat" abestia abestu zuten.
        • Urte bikoek Imanol Urbietaren "Ran rober ran" uztai eta guzti dantzatu zuten (ze majoak!).
        • Marrazki lehiaketaren sariak banatu ziren.
        • Txistor goxoak dastatu genituen.
        • Dantzan ibili ginen.
        • Herri kirolak egin genituen: lokotx biltzea, sokatira eta paratxutea.
        • Marrazkiak ere egin genituen.

         Hemen Haur Hezkuntzak ataratako argazkiak ikusi ahal izango dituzue.

         Eta Bentades Ikastetxeak argitutarako Haur Hezkuntzako bideoak ondorengo hauek dira:

        2015/07/22

        IHAUTERIAK 2014-2015 -- Editatua

        "Gu sorginak gara
        festa ta algara
        suaren inguruan
        akelarrea dantzan"

         Takolo, Pirritx eta Porrotx. Poxpolin Marisorgin. 2003



           Ba bai, aurten sorginaz eta aztiaz mozorrotu gara karnabal eguna ospatzeko.

          Mozorroak eta dantza prestatzen hasi ginenean ikasle apur batzuk bildurtuta egon ziren ("andereino, ez hurbildu", "ez egin horrela barre", e.a.) baina entsailoak gora entsailoak behera sentimendu hori pozean transformatu dugu, gaitzerdi!

           Urduri egon dira kalejira prestatzen, aitatxo eta amatxo begira egongo direla, keak ea ipurdia erreko ote dien, txalaparta nork joko duen... (Ez ziren egongo ba, geu be nerbioak jota geunden eta!!!). Hala eta guztiz ere oso gustura lan egin dugu. Eta lan guzti horren emaitza zuen gustokoa izatea espero dugu.

           Umeekin akelarrean egon garenez ezin izan dizkiegu Haur Hezkuntzatik nahi izandako argazki mordoa atera. Hala eta guztiz ere Marijosek lan bikaina egin du grabaketa egiten eta ondorengo estekan Bentadesko bideo ofiziala ikus dezakezue.

           
           Ez nuke sarrera hau bukatu nahi lagundu gaituzten guztiei eskerrak eman barik:
        • Adarra jotzen: Julen, Peio eta Ander.
        • Txalapartan: Beñat eta Aitor.
        • Kalejiran laguntzen: Itzi eta Amaia.
        • Lapikoak egiten eta umeak jantzi eta entretenitzen: DBHko ikasleak.

        OLENTZERO 2014-2015

         Olentzero eguna pasa zen, ta ondo pasa gainera. Bakarrik esan nahi dut umeek sekulako eguna igaro zutela prestatutako abestiak kantatzen, Olentzero ikusten eta beronen opariak jasotzen eta txokolate eta bizkotxo goxoak dastatzen.

         Oraingoan aldaketatxo bat jasan genuen betiko festa honetan. Olentzerok ume bakoitzari txokolatezko Olentzerotxu bat eman zien (lasai, alergikoentzako bereziak zeuden!) eta, gainera, kurtso bakoitzeko, gelan erabili ahal izateko beste opari eder bat.

         Ikasleek gelan eskutitza idatzi ondoren honexek izan dira Olentzerok aukeratu zituen oparitxoak:
         
        Eskolako orrialde ofizialean egun horretako ondorengo argazki eta bideo hauek eta gehiago eskegita daude (nik hemen Haur Hezkuntzakoak soilik ipiniko ditut):

         Eta festaren aurretik Olentzeroren laguntzaileen bisita eduki genuen ikastetxean. Hemen ikusgai.


          2015/07/09

          2015-2016 IKASTURTERAKO BEHARREZKO MATERIALA

          Zirkular baten bidez jakinarazi genizuenez datorren irailaren 9an ikasleek ondorengo gauza hauek ekarri beharko dituzte gelara:


           
          *** AKATZA: 5 urteko gelako gaztelerazko idazkian ez du ipintzen margo berriak erosi behar izatekotan  hauetatik MOTA BAT bakarrik hautatu behar dala.
          En la circular del aula de 5 años en castellano no pone que, de tener que comprar pinturas nuevas, solamente hay que traer UNA CLASE de las que se muestran.



          Lehen Hezkuntzako 1. mailara doazen ikasleak, heziketa fisikoko ekipamenduaz aparte, eskolako uniformea erabiltzen hasiko dira, "Corte Inglés"-ean eros daitekeena. Eskolako webgunean, http://www.bentadesikastetxea.com/,  uniformea zertan datzan eta hurrengo ikasturterako erosi beharrezko  liburu zerrenda topako dituzue.