2018/12/17

1GO HIRUHILABETEA NUBAREN GELATAN

Kaixo familiak!

Jadanik lehenengo hiruhilabetea bukatzear dago. Irailetik hona zenbet gauza egin ditugu!! Zenbet gauza ikasi ditugu! Nubarekin batera gela berria ezagutu dugu, irakasle berriak baita eta lagunekin harremana estua egiten joan gara hilabete hauetan zehar. 
Badakigu aukera izanez gero, zulotxo batetik gu ikustea gustatuko litzaizuekela momentu batzuetan. Hemen dituzue horretariko momentuak argazki bihurtuta.
Gabon zoriontsuak izan ditzazuela espero dugu, ZORIONAK ETA URTE BERRI ON!!

Maite, Esti eta Nuba


2018/12/06

LIBURUTEGIKO LEHIAKETA

Liburutegiak web berria estreinatu du aurten.

Hilabetean behin lehiaketa bat antolatzen da eta ikasle guztiek parte hartu dezakete, bakoitzak bere adinera egokitutako lanak entregatuz.

Abenduko lehiaketaren nondik norakoan hurrengo esteka honetan topatuko dituzue:


Animatu parte hartzera eta zorte on!!!

2018/12/05

OLENTZEROREN LAGUNAK

Ikastetxeko berrietan irakur dezakezuenez Olentzeroren lagunak gurera etorri zaizkigu gaur.

Irakurri hemen gehiago!






2018/12/02

UDAZKENA LANTZEN 5 urteko gelan


Bai ba, udazkena heldu zen! Ze pozik ibili ginen Torrebillela parkean zehar hostoak batzen! Perretxikoren bat ikusteko aukera izan genuen! Eta makilekin jolasean ibili ginen baita ere, hori bai, minik hartu barik, e? Irakasle berriek lagundurik Arisen gelakideok goiz ederra pasa genuen parkean hara eta hona xomorrotxoak eta fruituak topa nahian. 

Bai hosto piloa! Gelan dana klasifikatu ondoren hurrengo ariketak egin ditugu.
  1. Konposizio bat egin eta hura kopiatzen saiatu.
  2. Hostoa ikustean zein animalia ikusten duzu?
  3. Mandala ere egiteko aukera izan dugu.
  4. Murala.

Maite dugu udazkena!!! Baina neguko elurraren esperoan gaude, jeje!


2018/11/30

URAREN TAILERRA

"Non dago ura gure planetan? Dena edangarria al da? Zer egin dezakegu guk ur baliogarri hori zaintzeko?"

Hauek eta antzeko galderei erantzun ematen laguntzeko Udaletxeko Agenda21 zerbitzuko Itziar gurera etorri zen asteartean.

Azalpen labur bat entzun eta pare bat bideo ikusi eta gero argi eduki genituen pare bat ideai:

  • Ez dugu ura alperrik galdu behar.
  • Dutxa hartzen saiatu behar gara bainua hartu ordez. Hori bai, baten batek ur gutxirekin bainatzen dela esan zigun (ea irakasleak berriro ez egiteko esango didan...).
  • Eskuak, hortz-haginak, platerak, e.a. garbitzerakoan txorrota zarratu egin behar dugu.
  • Garbigailua zein ontzi-garbigailua beterik daudenean jarri beharko genituzke, ez arinago.
Eta orain gure oka-jolasa prestatzeko gai garenez buru-belarri aritu gara uraren erabilera egoki eta desegokiak dituzten marrazkiak koloreztatzen, mozten eta oka panelan itsasten. Eta orain? Ba, jolastera!!!



2018/11/26

EUSKARAREN ASTEA


Ostiralean Euskaraldiari eta gaur goizean Euskararen asteari hasiera eman diogu Bentades Ikastetxean.

Matxin Pirata, gelaz-gela, bisita egiten etorri da. Bisitarekin batera bere marrazki batzuk banatu dizkigu eta aste honetan zehar, koloreztatu ondoren, etxera eramango ditugu zuei erakusteko.

MATXINEN BISITAREN BIDEOA daukazue ikusgai.

Txoritxu batek (akaso Olentzeroren Pintxoi txoriak?) esan digunez aste honetan LHko ikasleak euskal dantzatan arituko dira patio estalian, beharbada kuxkuxeatzen joango gara... Batek daki!

Geuk be jolasak ikasten gabiltza eta gure lagunei erakutsiko dizkiegu "Euskararen aste" honetan zehar.

Eta badakizue zer esan digun irakasleak? Ezetz igarri... Ba "Aho bizi" izan behar garela, bai eskola eta baita kalean ere. Eta gu aho bizi izateko hoberena dela zuek, gurasoak, aho bizi edo belarri prest izatea baita ere, zuek zarete gure eredu!

Euskararen aste hau abenduak 3an ospatuko dugun jaiarekin bukatuko dugu. Adi egon gure blogari bertan berriak idatziko ditugu eta!




2018/09/20

GURASO BILERA 2018

Gogoratu datorren astean ikasgelako batzarrak izango ditugula Areto Nagusian.


Adi, aurten ortudutegi aldaketa daukagu eta! Gure aurretik Lehen Hezkuntzako taldeak bilduko direnez euren batzarrak bukatu arte ezin izango gara Areto Nagusira sartu. Deialdia 17:15tarako egin da.
  • 3 urteko gelak: asteartea, hilak 25.
  • 4 urteko gelak: asteazkena, hilak 26.
  • 5 urteko gelak: osteguna, hilak 27.

Han elkar ikusiko dugu!

2018/09/03

IKASTURTE BERRIA HASTERA GOAZ

Egun on denoi!

Ikasgeletako leihoak zabaldu, oporraldiaren ostean haize garbia sartu behar dugu gelan eta! Ikasturte barriari hasiera eman diogu (bai, badakit gehienok ostiralean, 7an, etorriko zaretela, baina irakasleak eta ikasle asko iada Bentadesen martxan gaude!).

Gogotsu eta ilusioz beterik etorri gara bueltan. Gelak txukuntzen gabiltza laster Next, Nuba, Moli eta Arisekin batera arrera ezinhobea egiteko asmoz!

Gogoratu ikasle berriak, 3 urteko gelatakoak, liburuak eta motxilak gaur edo bihar ekarri behar dituzuela:
  • Gaur, hilak 3, 12:00tan.
  • Bihar, hilak 4, goizeko 9:00tan.

Aprobetxatu azken opor egunak. Laister arte!

2018/07/04

MATERIALA 5 URTEKO GELETARAKO 2018-19 IKASTURTEA

Klin, klan!
Klin, klan!
Euri tantak,
euri tantak.
Klin, klan!
Klin, klan!
Euri tantak
kalean!
Bai ba, euritan dabil berriro ere! Hori bai, NUBARISEN sekulako ostadarra irten da eta han dabiltza Nuba, Moli eta Aris ostadarran gora eta behera irrist egiten. Bokadiloa jateko atsedenalditxo aprobetxatuz datorren ikasturtean eskolara eraman beharreko materialaren zerrendatxoa idatzi dizuet.  Ez ahaztu irailaren 7an (haurtzaindegira joango zaretenak arinago eraman ditzazkezue) gauza hauek guztiak zuekin eramatea, eta gogoratu izena idazteaz guzti-guztietan.
  • Eskuoihal hezeak.
  • Botila bat ur edo kantinplora txikia.
  • Amantal bi. (izena aurrekaldean). Jantokira ez doazenak batekin nahiko dute.
  • Estutxeak berrikusi (margo eta arkatzak zorroztu) eta behar izatekotan barriztu:
    • Kremaileradun estutxe bi.
    • TRIMAX margo triangularrak.
    • “Maxidacs” argizerak (15 kolore).
    • Arkatza STAEDTLER NORIS HB 2.
  • Familia argazkia udako oporretan (emailez bota dezakezue).
  • Letrakimuak liburuak eta Sirabun kutxa (zabaldu barik eta izenarekin, mesedez).
Beno ba, NEXT badator nire bila, bagoaz berriro jolastera.

Gozatu udaz! SIRABUN!

2018/06/22

HURRENGO ABENTURARA ARTE, BADATOR LEHEN HEZKUNTZA ESPERIENTZIA BERRIA

Aris oporretara doa eta berarekin batera danok izango dugu merezitako oporraldia. Kurtso honen zehar bizi izandakoak gogorarazteko momentua da, zenbet lan, zenbet jolas!!
Ze ondo pasa dugu!
Elkarrekin egindako bidea beti gogoan izango dugu!
Azkenengo argazkiak ikusgai dituzue ondoko estekan 3. hiruhilekoa
Uda zoragarria izan!! Betira arte!!

Maite, Esti eta Aris

2018/06/21

2017/2018 NUBAREN GELAK

Ikasturte honen hasieratik hona gure txikiak jolastuz hazi dira eta Nubaren eskutik hainbat gauza ikasi dituzte. Gai desberdinak landu, plastikako teknikez gozatu, "Koloretako munstroa" ipuinarekin emozioak landu, urtaroen arteko desberdintasunak antzeman, jantokian egun batez sukaldariak izan, gure jaiak eta Euskararen eguna ospatu, baloreetan hezitu, animalien proiketu txiki bat sortu dute etab. Nubari agur esan ondoren oporretan joateko ordua iritsi da!!!!

Uda ederra opa dizuegu, disfrutatu beraiekin igaroko dituzuen momentuak eta irailean berriz elkar ikusiko dugu. 

Besarkada handi bat Bego, Irati eta Nubaren partez!!

2018/06/11

GOROZIKA 2018

Udaren ateetan gaude, gezurra dirudien arren: euri ta euri ari du gaur. 

Halako egun bat izatearen beldurraz egon ginen Gorozikara txangoa egin genuenean. Baina, aurten zorionekoak izan gara. Euririk egin etzuenez eta lainotuta egon zenez paseoa lasai asko emateko aukera paregabea izan genuen.

3 urteko gelakoek leku berria aurkitu zuten, 5 urtekoetzat, berriz, agur esateko eguna izan zen. Bakoitzak bere nerbio, desira eta bildurrak (pertsona ausartek bildurrei aurre egiten ikasten dute!) motxilan sartu eta egun bereziari hasiera eman genion ferialean.

Animaliak ikusi, landarak landatu, apur bat sukaldatu... denetarik egin dugu aurten ere!



Ikusi, ikusi hemen ARGAZKIAK!

2018/05/07

MAIATZEKO LEHIAKETA GURE LIBURUTEGIAN



Maiatzeko lehiaketan bi gai ezberdin proposatuko dira. Alde batetk, HH eta LHko 1go ziklokoek aukeratzen duten pelikula baten pertsonaiaren MARRAZKI BAT egin behar dute. Bestetik, LHko gainontzekoek eta DBHkoek MOSAIKOZ eginiko pertsonai bat asmatuko dute eta haren deskribapena egiten saiatu behar dira.


Informazio guztia liburutegiko esteka honetan aurkituko duzue.


https://bentadesliburutegia.blogspot.com.es/


Animatu parte hartzera!


2018/05/03

BATZAR DEIALDIA

Datorren astean zehar kurtsoko bilerak izango ditugu. Guztiak areto nagusian izango dira 16:05ak aldera (gurasoak igo baino arinago umeak geletatik irten behar direlako) ondorengo hurrenkeran:

  • 5 urteko gelak asteartean, maiatzak 8.
  • 4 urteko gelak asteazkenean, maiatzak 9.
  • 3 urteko gelak ostegunean, maiatzak 10.

Garaiz etorri batzarretara, mesedez.

2018/04/28

HERRI SALTARIA

Molirekin batera munduan barrena gabiltza kurtso honetan. Japonia eta Mexiko bisitatu eta gero Kenyaren txanda heldu da.

Kenyako Masaien bomak ikusteko aukera izan dugu, ba al zenekien euren etxolak egiteko, manyattak eraikitzeko, adarrak, belarrak eta behi gorotzak erabiltzen dituztela?

Bi gelen artean Kenyako sabanaren hormirudi erraldoi bat egin dugu gehien gustatzen zaizkigun animaliekin, beno, krokodriloa faltan bota du baten batek. Baobab zuhaitza ere margotu dugu, jeje, zuhaitz hauek hankaz gora daude, badirudi sustraiak hostoetan dituztela.

Eta gaiarekin bukatzeko Eli masaia bere armak eta artelanak erakustera etorri da gelara eta denak elkarrekin dantzat aritu gara. Oso dibertigarria izan da.

Hurrengo batean beste kontinente batera joango gara!



Argazkiak eta bideoak hemen.

2018/04/25

Liburuaren eguna




    Aurten ere Haur Hezkuntzako ikasleekin liburutegira joan gara liburuaren eguna ospatzera.
Ederto pasa dugu!





2018/04/23

URAREN TAILERRA


Gaur, baita ere, Tokiko Agenda 21 eko Itziar gure eskolara etorri egin da 5 urteko geletan "Urari buruzko kontzientziazio tailerra" dinamizatzeko asmoz.

Tailerraren helburuak ondorengo hauek izan dira:

  • Ume-umetatik hasita ur kontsumoa gutxitzeko ohiturak bultzatu.
  • Daukagun ura behar bezala erabiltzean guztion parte-hartzeak duen garrantzia erakutsi.
  • Urak duen garrantzia ulertu eta bere erabilera ona ikasi.


50 minututako saio hauetan (bat gela bakoitzean), lehenengo eta behin, uraren erabilera egoki eta okerrari buruzko azalpena eta bideotxoa jaso ondoren umeek, taldeka, Uraren antzararen jolasa prestatu dute. Jolasa egiteko artaziak, kola, margoak eta berziklaturiko materialak erabili dituzte, kartoiak, botila tapoiak, e.a. "Ene, jolasak ez ditugu zertan beti erosi behar! Guk geuk egin ditzazkegu!"

Saioa bukatzeko jolasean aritu gara, eta jolasarekin batera beste hainbat gauza landu izan ditugu, hala nola, txandak errespetatzea frustazioa, besteekiko errespetua, zenbaketa, kooperazioa, sormena, e.a. 

4 urteko gelakoek esan duten moduan balorazioa positiboa denez errepikatzeko gogoz geratzen gara!

Aste ederra izan.

HEMEN argazkiak.

HONDAKINEN TAILERRA

Azken urteetan, Mungian gaikako bilketa bultzatzeko kanpaina ezberdinak gauzatzen ari dira. Kanpaia hauen artean asteazkenean, apirilak 18, 4 urteko geletako ikasleek aurrera eraman zuten tailerra koka genezake.

Ondorengo helburuak lantzeko asmoz, Tokiko Agenda 21etik, Itziar gure ikasgeletara etorri egin zen:
  • Ume-umetatik hasita birziklatzeko ohiturak bultzatzea.
  • Hondakinak gaika biltzeko orduan guztion parte-hartzearen garrantziaz ohartzea.
  • Mungian ditugun hondakin edukiontzi ezberdinen koloreak bereiztea (eskolan erabiltzen ditugun horia eta urdinaz gain berdea ere existitzen delaz ohartzea).
  • Edukiontzi bakoitzaren kolorea zein hondakin motari dagokion ikastea.
Ekintza honen balorazio oso positiboa egin dugu bai irakasleok baita ikasleek ere. Ea datozen urteetan horrelako gauza gehiago egiten ditugun.




HEMEN argazkiak.

2018/04/10

2018/03/23

UDABERRIFEST ARISEN GELATAN

Ikasturtea aurrera doa, 2. hiruhilabetea bukatu da!! Konturatu barik udaberria ere hasi da, nahiz eta igerri ez...
Umeak arin, arin hasten ari dira eta gero eta gauza gehiago ikasten ari dira.
Horietariko batzuk hurrengo esteka honetan ikusgai dituzue:
Argazkiak 2.hiruhilabetea
Ondo pasa oporrak!!

2018/03/20

AURTEN ERE ZINEMARA!!!

Aurten ere Torrebillelara joango gara TINKO EUSKARA ELKARTEAK eskaini digun filma ikustera. Asteartean joan zirenak  aterkiekin joan behar izan ziren bitartean, astezkeneko taldeak lasai asko paseaoan joan ahal izan zuten.


  


Oraingo honetan  iaz ikusitako "Koko dragoi txikia" filmaren jarraipena ikusteko aukera izango dugu, "Koko dragoi txikia 2".


Euskara bizitzako esparru guztietara zabaldu behar dugu, normalizatu behar dugu. Ezin dugu gure hizkuntza maite hau esparru akademikoan soilik erabili! Anima zaitezte seme-alabekin euskaraz egitera, naiz eta hasieran zaila irudituko zaizuen, zenbat eta gehiago egin are errazagoa izango da eta!

Hemen argazki apur batzuk.

2018/03/06

LIBURUTEGIKO LEHIAKETA BERRIA

Beste hilabete bati hasiera eman diogunez liburutegiko lehiaketaren esteka elkarbanatzen dizuegu:



Animatu zuen seme-alabak parte hartzera!!!

2018/03/04

GUAKAMOLIA eta PIÑATA!

Jakin badakizuenez Mexiko lantzen ibili gara 4 urteko geletan. Eta gai honi bukaera ezin hobea emateko ekintza bi antolatu ditugu.

Alde batetik, sukaldaritza tailerrean guakamolea prestatu dute gure ikasleek, baina gure maskota Moli-ren omenez "guakamolia" deitu diogu. Askok ez dute inoiz halakorik probatu izan, batzuei gustatu zaie, beste batzuei ez horrenbeste! Soberan izan ditugun natxo eta guakamolea patiora jeistea erabaki dugu beste irakasleekin elkarbanatzeko asmoz, baina, beste geletako umeak natxoak ikustean hurbildu eta eskatzen hasi zaizkigu, "natxoak nahi badituzue guakamole apur batekin busti beharko dituzue" esan diegunean aurpegi txarrak ikusi ditugu hasieran. Baina ausartaren batek probatu du eta "ene, bai goxoa!" esateaz batera ume piloa etorri zaigu guakamolea probatu nahian... Probatu duten guztiek gustoko izan dute. Egia esan nahiko harrituta geratu gara, jeje.

Hemen egun horretako argazkiak dituzue.





Eta mexikoko jai oro goxo-eltzea apurtzen bukatzen denez geuk ere tradizio hori gorde nahi izan dugu, baina pausu bat harago eman dugu. Piñata apurtu eta bertako goxokiak jan izan ditugu festa askotan, baina, badago bere piñata propiorik eraiki duenik gure gelan??? Nik ez dut inoiz halakorik egin, behintzat. Orainarte, noski!

Ze ondo pasa dugun eskuak zikinduz gure goxo-eltzea egiten. Pazientzi apur bat eduki behar izan dugu kola lehortzen usteko, konoak ziztatu eta pegatzeko, gusanito usaina duten koloretako zilindrotxoak urez busti eta piñataren zuriuneetan itsasteko (batzuek etxean mihiagaz bustitzen omen dituzte, ai ene!  Baita nik ere, baina ez dut publikoki onartuko, kar-kar-kar)...

Hemen lan osoaren argazkiak dituzue.




VIVA MÉXICO!!!

2018/02/12

BENTADES HISTORIAN

Beste urtebetez hemen ditugu ihauteriak! Aste honetan karetak egin eta aurpegiak margoztu ditugu (ikasleek ere guri margoztu dizkigute, kar-kar!), entsaioak egin ditugu eta, azkenean, irrikaz itxarondako eguna heldu da iada! 



"Bentades Historian..." lemapean gure mozorroak prestatu izan ditugu, ziklo bakoitzari aro bat dagokiolarik. HH 2. ziklokoei Industri Iraultzaz mozorrotzea egokitu zaigu. “Industri Iraultza! Aro iluna izan zen, zelan lortuko dugu umeentzako erakargarria izatea?” Hementxe hasi ziren gure buruhausteak:

- Eta trena egiten badugu?
- Baina trena, zelakoa?
- Kutxekin.
- Bai, baina sartu eta ateratzeko zaila izango da…
- Santxeskiak ipiniko dizkiogu azpian, neska!!!
-… 

Eta apurka-apurka ideaiak sortzen hasi ziren. 

Irakasle gela telaz (eta trenaz) bete genuen eta mozorroei forma ematen hasi ginen. 

Gero beste galdera bat egin genion geure buruei, zelan irakatsiko diegu gure ikasleei horrelako gaia? Ta beno, lortu genuen, ikasleei esan genienean aro hartako umeek eskolara joan beharrean lan eta lan ibiltzen zirela, batzutan jateko ogi apur batzuen truke, eta askotan lurrean lo egin behar zutela, zur eta lur geratu ziren denak. Honek ume eta nerabeen eskubideetaz hitz egiteko aukera eman zigun baita ere. Eta azken irakaspena: olentzerok edota errege magoek ekartzen duten ikatza makinak mugitzeko ere balio du. Bai, lurrun makina ikatza errez mugitzen da. Horregatik batzuk ikatza eramango dute, beste zenbait garbitzaileak (tximiniena, arropana, zapatena,...) izango dira, jostunak, egunkari banatzaile, haurtzainak beste batzuk. Eta gure txikitxuak aberatsak izango dira eta Bentades News-ek argitaratu duenez bidaiarien lehenengo trenean bidaia egiteko aukera izango dute.






HEMEN "making of"-aren argazki batzuk ikusgai!

Eta HEMEN ikuskizunaren bideoak!

Ondoren HH-koak agertzen garen minututik aurrera:




Gozatu karnabalaz!!!


ESKERRIK ASKO ITZI, AMAIA, ASIER ETA DBH 3 ETA 4. MAILAKO BOLONDRESEI!

2018/01/10

VIVA MÉXICO!!!

Hiruhilabete berria hasi dugu, eta honekin batera gai berriak lantzen hasi gara Haur Hezkuntzan.

4 urteko gelako umeak, Moli eta Nexti segika, Mexikora joango gara, Lupe "kuate"aren eskutik, hango kulturan murgiltzeko asmoz. Kultura honetaz baliatuz gorputz atalak landuko ditugu baita ere.

Gaur Anakletok gelako atea jo eta gure gelan sartu denean sekulako sustoa hartu dugu, "Eneeeeee, eskeletoa datooooooor!!!" Gero, bostekoa emanda, elkarren lagun egin gara!

Begira, begira ze ondo gauden Anakletorekin: